Uribarri-Ganboa urtegiari bira, bizikletaz

Distantzia: 43,8km
Denbora: 1,55h
Desnibela: 240m
Zailtasuna: *
Uribarri Ganboako urtegia ur biltegia baino gehiago da, milaka herritarren aisialdirako gune nagusietako bat. Ibilbide erraza, Landa eta Garaio hondartzak, Zuaza uhartea, osorik edo tarte batzuk egin daitezke, denak ez dira zailtasun berekoak.
Urtegiaren presa nagusitik abiatuta, 0 kilometroa adierazten duen seinaletik, Uribarri Ganboa herrirantz joango gara urtegiaren ertzeko bidetik, seinaleei jarraituta. Herriaren karteletik 200 bat metrora, eskuineko bidea hartu eta aurrerago dagon bide berdetik segi.
5 kilometro geroago, asfaltozko errepide zaharrarekin bat egingo du eta handik Landa herriko aparkalekura helduko. Zurezko pasabidetxo batean zehar parkean barneratu eta hondartzak zeharkatu, balizek markatutako bidetik. Aisia gune batera heltzean lursail bidetik jarraitu, urtegia eskuinean eta Elgeko mendilerroa, ezkerrean.
Bidegurutzean, eskuinera egin, eta Azuako pasabidera helduko gara. Zeharkatuz gero, ibilbidearen zati bat saihes daiteke. Aurrera jo, Zadorrako pasabiderantz; bidegurutzean, aldiz, ezkerrera Otxadako behatokirantz. Ikuspegiaz gozatu eta ezkerrera jo, asfaltotik, Gasteizerantz.
Garaiko parkearen sarreran zehaztutako bidetik segi eta zurezko atexka bat zeharkatu. Pasabide luze bat gurutzatu eta segi ibilbidetik. Hegazti behatoki batera heltzean, esparrua zeharkatu, legarrezko bide batera heltzeko. Gora egin Mendixurko parke ornitologikorantz eta ondoren, behera egin eta presaren gainetik pasa.
Urizarko kaleetan barrena ibili eta zurezko baliza batek markatzen duen bidetik jarraitu urtegiaren ertzeraino. Ura aurrean, hesi bat pasa eta ezkerrera jo: ibilbideak urtegiaren ertzetik jarraitzen du. Azuara heltzean, zuzen jarraitu herria ezkerrean dugula, eta segi Langara Ganbora iritsi arte.
Herria inguratu behar dugu urtegiko ertzeko bidetik. 1,5 kilometrora, errepidera helduko gara, eta eskuinaldetik joanda ibilbide berdera itzuli. Segi bidetik, landa bat zeharkatu, eta bidexka batetik aldapa behera egin. Zadorrako pasabidea zeharkatu eta abiapuntura itzuli, asfaltozko bidetik.

Distantzia: 43,8km
Denbora: 1,55h
Desnibela: 240m
Zailtasuna: *