Sopuerta: Alen parke tematikoan zehar ibilbidea
XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen zati handi batean, Sopuertak meatzaritzaren garapen garrantzitsua ezagutu zuen. Meatze-trenak eratzeaz gainera, aireko tranbiak, plano inklinatuak, mineral-garbitoki ugari... eraiki ziren eta ordura arte ia biztanlerik izan ez zuten gunetan benetako meatze-auzoak eratu ziren. Zereginak etenda eta meategiak itxita, ugariak dira gaur egun ere jarduera horren aztarnak.
Gune horietako bat Alen mendiko hegaletan aurkitzen da eta Beheko nahiz Goiko Olabarrieta, Sel eta Alen auzoez eratuta legoke. Gune honek XX. mendearen hasieran ia mila biztanle izan zituen. Bertan, okindegia, haragiaren salmenta, kooperatiba, hainbat taberna, farmaziako botikina, frontoia… zituzten eskuragarri. Halaber eskolak, indar publikoaren kuartela eta San Luis ermitako erlijio-zerbitzuak izan zituzten.
Meatze-krisialdiakren ondorioz, etxe gehienak eraitsi ziren eta zaila gertatzen da hemen hainbeste jende bizi zela irudikatzea.
Gaur egun parke tematiko natural bat eta hogeita hamar hektareako aisialdirako gune ederra daude bertan. Ongi egokitutako bere bidezidorretan barrena nahiz mendiko bizikletan ibiltzeko edo eskalada praktikatzeko toki ezin hobea da, baita antzinako meategietako hondakinez betetako paisaia ederraz gozatzeko ere: mineralezko garbitokiak, galerietarako sarbideak, meatze etxebizitzak, Castro Alén Trenbidea, San Luis Eermitaren aztarnak, bere barnean haitzuloa duen Santa Lucia ermita birgaitua…
Tradizioaren arabera, hemen Amabirjina azaldu zen eta herritarren ustea da pertsonek haitzuloaren barnean dagoen arroka bateko urarekin begiak igurtzitzen badituzte sendatzea lortzen dutela.
Parkearen barnean, halaber, “Casa Gazte” mendiko burdinolako arkeologia aztarnategia ikus daiteke, Bizkaiko lehenengo burdin-galdategien inguruko lekukotasun zaharrenetako bat izango litzatekeena.
Parkea piknik bikain batetaz gozatzeko altzari egokiekin (mahaiak, erretegia eta iturria) behar bezala hornituta dago.
Halaber tokia ibilbide ezberdinetarako abiapuntu bezala erabilga-rria gertatuko da: Alen gailurrerako igoera (798 metroko altuera), gunean aurkitzen diren historiaurreko hondakinak ezagutzeko aukera (17 tumulu eta trikuharri, bi menhir eta harrespil bat) Alisal auzora eta ongi kontserbatutako kaltzinazio Labeak dituen Catalina Meategirako jaitsiera, antzinako Federico Meategiko hondakinetan barrena eginiko Artzentales udalerrirainoko jaitsiera…
Jardunaldia osatzeko, bidaiariak Sopuertan gastronomia eskaintza ugaria duten jatetxe ezberdinak eta kalitatezko landa-ostatuak aurkituko ditu, esparru natural paregabean.