Otzarreta, pago artean paseo eder bat

Ibilbide magikoa proposatzen dizuegu, naturaz gozatzeako zein haurrekin eta txakurrekin egiteko modukoa. Benetan bereziak diren pagoz osatutako Otzarreta basoa bisitatu ostean, Saldropo hezegunera abiatuko gara bertako ekosistema deskrubritzeko, Gorbeiako Parke Naturalaren baitan, Zeanuri herrian.

Ibilbidearen hasierara iristeko, Zeanuriko Barazarreko portura iritsi behar gara lehenengo, N-240 errepidetik, eta Bengoetxea taberna dagoen lekuan alde batera dagoen pista hartu Gorbeiako Parke Naturalerako norantzan. Bertan, kartelei jarraituz Otzarretako parkalerkuraino jarraituko dugu autoz.

Parkalekuan bertan hasiko gara oinez –kontuz, txikia da eta bete egin daiteke jende asko dabilenean–. Bide erraza da eta familian egiteko aproposa, baina lurra irristakorra egon daitekenez, komeni da oinetako aproposak eramatea. Udazkena pagadi hau bisitatzeko urtarorik magikoena bada ere, urte osoan zehar dago eder, eta udako egun beroetan babesleku izan daitezke zuhaitzak.

Pixkanaka jaitsiko gara basora, eta bertako edertasunaz gozatu ahalko dugu ondo markatutako bideari jarraituz. Otzarretan pago benetan bereziak topatuko ditugu, forma bitxikoak, denek batera edertasun handiko basoa osatuz. Ez ahaztu argazki kamera!

Ondoren, Saldropo hezegunera abiatuko gara. Horretarako, parkalekura itzuliko gara eta zelaietik joango gara pistara iristeko, eta ondoren bidetxur batean sartuko gara, hezegunera iristeko. Bertan, ekosistema berezi bat dago, aztertzea merezi duena. Nahi duenak, Ugunako ur jauzira jeisteko aukera izango du, ibilbidea zertxobait luzatzen den arren. Saldropon komeni da atseden hartu eta lekuaz disfrutatzeko tartea hartzea, berriro bide beretik autora itzuli aurretik.

Kontutan izan parkalekuak daudela, bai Barazarren bertan, ibilbidea luzatu nahi izanez gero, eta baita Saldropon ere, haraino autoz joan nahi izanez gero. Otzarretan autoa uztea gure proposamena da, haurrek ere gozatzeko moduko paseo ederra egin ahal izateko. Bizikletaz ere egin daiteke ibilbidea. Iturriak daude atseden hartzeko guneetan.

Publizitatea