Ormaiztegi-Mutiloa, trenbide zaharraren bidetik
Mutiloa eta Zeraingo meategien ustiaketarako eraiki zen burni-bide zaharra oinez edo bizikletaz zeharkatzeko ibilbide bihurtu da eta Goierriko bihotzean sartzeko aukera aparta eskaintzen du.
Distantzia: 4,2 km.
Iraupena: 2,30
Desnibela: 40 m.
Zailtasuna: *
Ibilbideari hasiera emateko Beasain eta Zumarraga lotzen dituen AP-636 errepidetik atera beharko dugu Ormaiztegira gerturatzeko. Herri honetan dagoen Zumalakarregi museoan ibilbideari buruzko xehetasunak jaso ditzakegu.
Ormaiztegira iristen zen Mutiloa eta Zeraingo meategietatik zetorren minerala, herri honetatik pasatzen zen Norteko Trenbideko bagoietara aldatzeko. Hain zuzen ere, Eiffel-en garaian eraikitako tren-zubiaren azpitik igaro eta asfaltaturiko malda igo beharko dugu bide berdeari ekiteko, Danborre izeneko parajean. Lierniko lepora iristean, Aizkorri-Aratz mendi-lerroaren bista paregabeak izango ditugu aurrez-aurre eta, urrutira joan gabe, bide ondoan dauden mahaietan hamaiketakoa egiteko aukera izango dugu.
Ezkerretara begiratuta, Aralarko Txindoki mendiaren gailurrak eskaintzen duen bista zoragarria ikusteko aukera izango dugu. Zenbait baserri eta sagasti igaro ondoren, meategietako jardueraren aztarnak aurkituko ditugu, tartean Potxuetako zubia eta trenak gordetzeko erabiltzen zen Makinetxea.
Handik metro gutxira amaituko da bide berdea, Barnaola baserrian hain zuzen. Goierriko meategiak lanean aritu ziren bitartean, leku horretaraino iristen ziren meatzez betetako bagoiak.
Hortik aurrera, bideak Mutiloa herriraino jarraitzen du, Troi errekako bidean behera. Herrira iritsi baino lehen Errotatxo errota aurkituko dugu, bere harrizko horma zaharrak ikustea merezi duena.
Aurrerago jarraitu nahi duenak Zerain herriraino ere jarrai dezake. Bertan daude Aizpeako meatze-labe ikusgarriak, baita interpretazio-zentroa ere. Gaur egun bakea, lasaitasuna nagusi den paraje hauek, meatzaritza jarduerak martxan zegoen bitartean, mugimendu handiko eremua izan zen.

Distantzia: 4,2 km.
Iraupena: 2,30
Desnibela: 40 m.
Zailtasuna: *