Ondarroa: Jator bezain bizia
Turismo bulegoa
Erribera 9 (Kofradia Zaharra)
94 683 19 51
turismobulegoa@ondarroa.eus
www.ondarroa.eus
Aisialdirako hamaika aukera eskaintzen ditu Ondarroak, eta denborarik izanez gero, inguruetatik igarotzen diren bidezidor zein mendiko ibilaldi ugarietan paseatzeko aukera izango du bisitariak. Historia, monumento eta magiaz beteriko inguru lasaiak ezagutzeko aukera izango dute ibilbide ezberdinak egitera animatzen direnek.
Mutrikuko Saturraran hareatzatik hasita, esate baterako, 6 kilometroko inguruko ibilbide ederra egin dezake bisitariak Berriatuaraino. Artibai ibaiko bazterrak ezagutzeko paraje ezin hobea da, hain zuzen. Zirkuitu honetan, gainera, nahitaezko geldialdietako bat da Aieriko padura. Bertan hegazti migratzaileek atseden hartzen dute, eta horiek ikuskatzeko aukera paregabea dago.
Aukeran beste hainbat ibilbide ere egin ditzake bisitariak, PR1 ibilbidea, esaterako. Zaldubide atzetik hasi, eta baso eta mendi arteko ibilbidea jarraituta, Gorozika auzora arte helduko da bisitaria. Bizkai osoa zehartzen duen ardoaren eta arrainaren GR ibilbidea ere bertatik igarotzen da. Hain zuzen ere, bi etapa egiteko aukera dago herritik bertatik. Era berean, Europako itsasbazterreko E9 ibilbideak ere Ondarroa gurutzatzen du. Beste ibilaldi batzuk edo toki batzuk ezagutu nahiz izanez gero, berriz, Kofradia Zaharreko eraikinean dagoen turismo bulegoak herria eta eskualdea ezagutzeko beharrezko informazio guztia eskaintzen du.
Inguru ederrak ezagutu ostean, Erdi Aroko ukitua duten alde zaharreko kaleetan barrena dauden tabernak eta jatetxeak leku aproposa dira ibilbidea egin ostean atseden hartu, eta, nola ez, zerbait jan eta edateko. Arrantzaleek lehorreratzen dituzten arrain fresko-freskoak itsasoko zapore onez beterik iristen dira herriko jatetxe eta tabernetara. Beraz, ez galdu itsasoak eskaintzen dituen gutizia horiek probatzeko aukera.
Eta Ondarroaren enkantuak egun gehiagoz gozatu nahi dutenek, aldiz, Arrigorri ostatu jatetxean hartu dezakete ostatuta, Bizkaiko golkoari begira. Bertatik egunsenti ikusgarriak, arrantzontzien sartu-irtenak, Arrigorri hondartza, Ondarroako portua eta beste hainbat toki ikuskatu daitezke.
Turismo bulegoa
Erribera 9 (Kofradia Zaharra)
94 683 19 51
turismobulegoa@ondarroa.eus
www.ondarroa.eus