Malerrekako txokoak, tantaz tanta
Doneztebe eta Zubieta herriak lotzen ditu Uraren Bideak. Itzal eta freskotasunagatik, udarako ibilaldietarako aproposa da bide erraz eta polit hau. Gainera, oinez edo bizikletaz egiteko aukera ematen du.
Distantzia: 8km.
Denbora: 1,45h.
Desnibela: 122m.
Zailtasuna: * *
Ezkurra errekaren bazterra jarraituta, uraren erabilerak ezagutu –iturri, sendagarri eta energia sortzaile– eta Malerrekako txoko ederrez gozatzeko parada ematen du Uraren Bideak. Baso mistoak, ehun urteko gaztainondoak, haritzak, larreak eta bordak… Norakoa ur tarta urdin batek adierazten du, eta zirkularra ez denez, Zubietatik edota Doneztebetik abiatuta egin daiteke.
Azken herritik egitekotan, Merkatu plazatik irtenda, hilerriaren ezkerraldetik eginez, larre eta gaztainondo zaharren artean doa bidea. Elgorriagako desbideraketa pasata, bainuetxea ikus daiteke Ezkurra ibaiaren beste ertzean.
Ibai ondotik jarraituta, Iturenerantz, Marizenea zubia pasata, blasoidun etxeak dituen Latsaga auzoan barrena doa bidea. Harrizko bidea jarraituta, harrizko zubira heltzen da eta han bi bide aukeran: eskuinera eginda, Auritzerantz joateko edota uraren ondoko parkeaz gozatzeko, edo aurrera jarraituz gero, Zubietarantz jotzeko. Horretarako, zubia gurutzatu gabe, Mendaur mendiaren gaina ikusgai, larre artean ibili, Zubietako arto zelaietara iritsi arte.
Etxe zainduen artean, Ezkurra ibaia zeharkatu beste harrizko zubi batetik eta han dagoen garbilekutik ibilbidearen amaieran dagoen errotara kanalaren ertzetik heltzen da.
Esan bezala, bide lineala da, eta kontrako norabidean egingarria. Zubietatik irtenez gero, egun ekomuseoa den errotan dago abiapuntua; haren atarian baitago informazio afixa. Herria zeharkatu eta Iturenera abiatzen da. Joaldunek osatu ohi duten bidea ezagutu eta Lasaga auzoan barrena eginda, garbitzeko eta bainurako lekuak ikus daitezke. Baita bainuetxea ere, Elgorriagara gerturatzean.
Erreka jarraituz, Donezteben amaituko da bidea. Bertan, zubiaren ondoan, Uraren Bideko afixa dago, beste norabidean egin nahi bada.

Distantzia: 8km.
Denbora: 1,45h.
Desnibela: 122m.
Zailtasuna: * *