Lea ibilbidea bost udalerritatik

Oinez zein bizikletaz, naturaz gozatuz egiteko aproposa da Lea Ibilbidea. Bailararen historiaren lekuko dira ibilbideak gordetzen dituen natur eta kultur ondareak. Landa eremu zabaletan hamaika altxor biltzen direla ikusiko du bisitariak. Besteak beste, errotak eta burdinolak garai bateko jardunaren adibide dira.

Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexak osatzen dute Lea ibarra. Natur zein kultur ondare aberatsa gordetzen dute bertako auzo eta herriek. Naturaz gozatzeko landa eremu zabalak topatuko ditu bisitariak. Oinez zein bizikletaz txangoak egiteko aukera paregabea eskaintzen dute bost udalerriek. Alabaina, ibilbide bakarrak lotzen ditu herri guztiak: Lea Ibilbideak.

Lea ibaiari jarraituz, Mendexan hasi eta Munitibarreraino –edo alderantziz– doan 20 kilometro pasatxoko ibilaldia da. Munitibartik abiatuz gero, errekako uraren soinu lasaigarriak lagunduta, aukera paregabea izan daiteke Karraspioko hondartza zein Lekeitio eta bere itsas ondarea bisitatzeko.

Munitibarren aipamen berezia merezi du Bengolak. Hain zuzen, Gerrikaizko hiribilduan, ibilbidea hasten den lekutik oso metro gutxira dago Energia Berriztagarrien Zentroa. Bizkaian dokumentatuta dagoen burdinola zaharrenetarikoaren aztarnak gordetzen ditu eraikinak eta, horrekin batera, energia berriztagarriei buruz sakontzeko eskaintza egiten du. Aulestitik Munitibarrera joanda, ibilbidearen ondoan, Aisureta gunean dagoen Mikel Lertxundi artista berriatuarraren eskulturak ongietorria ematen dio bisitariaria. Haren sormen lanek airea, sua eta ura irudikatzen dituzte. Hurrengo interes puntua Gizaburuagako Errotazar gunea da.

Bertan, XVIII. mendeko errota baten aztarnen ondoan lasaigunetxo bat dago eta, ibaira begiratuz gero, hondoratutako presa bat ikus daiteke (ibaian beherago handiago bat egin zutenean geratu zen urperatuta). Beste alde batetik, antzinako arbasoen lanbideez ausnartzeko gonbita ere luzatzen du Lea Ibilbideak. Industria garaian zein aurretik ere, burdinola, errota eta ontzigintza jarduera bizi-bizi egon zen Lea ibarrean. Horien aztarnak zaintzea eta ezagutaraztea merezi duten ondare preziatuak dira. 20 kilometro pasatxoko ibilaldian, hamaika txoko eder biltzen ditu Lea Ibilbideak.

Publizitatea