Jentilak botatako Harrikulunka

Aldude hitzaren jatorri etimologikoak «gailurretara bidea» esan nahi du, eta primeran deskribatzen du proposatzen dugu ibilbidea. Basoa zeharkatu ostean, Harrikulunka harrira iritsiko gara.

    Distantzia: 11,59km.

    Denbora: 5h.

    Desnibela: 690m.

    Zailtasuna: ***

Aldudeko elizaraino autoz joan beharko dugu ibilbide gogor baina eder honi ekin ahal izateko. Eliza eta herriko etxearen artean igarotzen den errepidetik hasiko gara oinez, eta gero eskubira joko dugu, aldapan gora. Errepide hori, gero pista bilakatzen da; eskubira egiten duen lehen bihurgunean, jarraitu pistatik. Basotik atera bezain laister, iratze eta sasiz betetako zonalde batean sartuko zara, eta bertatik herria ondo ikusi ahal izango duzu. Hiru bihurguneren ostean, ekin eskubira pago baso batetik. Basoa zeharkatu ostean Berdaritzeko igarobidearekin egingo duzu topo.

Berdaritz atzean utziz, ezkerrean dagoen belar-bidea hartu, eta pagoetara iristean, ezkerrera dagoen lehen bidexkatik jo. Pixka bat aurrerago, berriro ezkerrera, pagadia atzean utziz. Bilatu hesiaren ondotik doan bidexka. 50 metro aurrerago, eskubira jo belarrezko beste bide batetik joateko. Saroi baten ostean, zuzen joan aldapan gora eskubitik doan bide batekin topo egin arte. Artzaintza gune bat zeharkatuko dugu, eta ondoren eskubira egingo dugu, eta eskubira joko dugu igarobidera iristean. Handik, Belauneko portura jeitsiko gara, zeinek harrizko hesi bat duen.

Eskubitik jo, basorantz. Kilometro baten ostean Eyharzako portura iritsiko gara (errepide bat bertan amaitzen da). Harrikulunkara iristeko parean ditugun harrien norantzan joan, zuzen, 30 tona dituen harri berezi hori Hargibel mendilerroaren oinetara dago, bidetik kanpo. Elezaharrak dio jentil batek bota zuela harria, eta mugitzea posible dela, hortik datorkio Harrikulunka izena.

Bertan tarte bat pasa ondoren, Eyharzara itzultzea tokatzen da, bide beretik. Bertan gaudela, errepidetik eskubira jeitsi lehen bihurgune itxiraino. Errepidea utzi eta ezkerrean dagoen bidexka hartu. Jeisten jarraitu Belauneko porturaino, eta pixka bat beherago, lehen pagoetan, eskubira jo. 400 metro aurrerago, errepide batetik jarraitu. Ezkerrera egin errepidetik, eskubian bi pista utziz. Kilometro baten ostean, perpendikularrean agertuko zaigun beste errepide batetik jo, eskubira (30 metro soilik).

Ezkerrean dagoen bide bat hartu eta beste 30 metroren ostean, ezkerrean iratze artean dagoen bidexkatik joan (gutxi ikusten da, kontuz). Basora iristean bilatu bidezidor estu bat; pixka bat beherago beste bide batekin egiten du topo, eta hor eskubira egin behar duzu. Basoaren amaieran, ezkerrera egin atea pasatu eta gero. Bigarren ate bat zeharkatu eta errepidean eskubira jo hasierako elizara iristeko.

    Distantzia: 11,59km.

    Denbora: 5h.

    Desnibela: 690m.

    Zailtasuna: ***

Publizitatea