Arrikrutzeko kobak

    ARRIKRUTZ-OÑATIKO KOBAK
    943 082 000
    arrikrutz@onati.eus

Oñati historia handiko lurraldea da, monumentu gogoangarri askoren topaleku; baina bere baliorik handienetakoa naturan dauka. Aizkorri-Aratz Natura-Parkea hareharriz eta kareharriz osatua dago batez ere, eta harri horiek sortutako paisaia interesgarri ugari eskaintzen dizkigu: kobak, leizeak, torkak… Aizkorri-Aratz Natura-Parkea da Gipuzkoako natura gune harrigarrietako bat. Parke horretako talaia da Gipuzkoako gailurrik altuena. Naturgune honetan aurkitzen dira.

Sandaili, Aitzulo eta Arrikrutz-Oñatiko kobak dira paisaia karstikoan ikusgai dauden hiru bitxikeria eta Euskal Herriko interesgune geologiko moduan sailkatuak dauden gune hauek eta antolaturiko bisita-gidatuen bidez, bertatik-bertara ezagutzeko aukera dago.

Lehenengo parada, Oñati-Arrikrutz Kobetan

Gipuzkoako koba natural luzeena den honetan hasiko dugu geoibilbidea, lezezuloko lehoiaren hezurdura osoa aurkitu zen bertan, estatu mailan egindako aurkikuntza bakarretakoa. Pasarela bidez egokitutako 53.galerian ordubeteko bisita gidatua egiteko aukera izango da. Mendeetan zehar urak zizelaturiko katedral barroko hau modu eroso eta erraz batean ezagutzeko aukera eskaintzen du bisita honek. 500 metrotan zehar egokituriko pasabide erosoari eta argi-sistema aurreratuari esker, altxor geologiko hau miresteko aukera ezinhobea du bisitariak. Baita, bertan bizileku izan zuten antzinako animaliak ezagutzeko ere. Aurrez izena ematea gomendatzen dugu 943 08 20 00 telefonoan.

Araotzeko bailaratik zehar bertako ondare geologiko-etnografikora gerturatuko gara, Orkatzategiko hormetan zintzilik geratu den Aitzulo paleokobazuloa eta Sandailiko koba ezagutuz.

Araotz auzotik abiatuta bigarren parada Aitzulo Koban

Singulartasun geologiko handiko koba dugu, milioika urtetan urak haitzari eman dion forma harrigarria dugu. Leiho pribilegiatu honetan atseden hartzen dugun bitartean, inguruko amildegietan bizilekua aurkitu duten putreen hegaldia ikusteko aukera izango dugu.

Geoibilbidearen hirugarren geldialdia Sandailiko koban

Sarreran egindako baseliza eta bertako usadioak lagun dituela bisitaldia nahitaez egin beharreko tokia da. Oinetan harrizko aska bat dago, haitzuloko urak jasotzen duelarik. Ohiturak kontatzen duen legez gaitzak sendatzen ditu eta batez ere antzutasun-arazoak dituenarentzat da oso aproposa.

    ARRIKRUTZ-OÑATIKO KOBAK
    943 082 000
    arrikrutz@onati.eus