Galarreta eta Zalduondo artean haritzen bide berdea

Distantzia: 6,3 km
Denbora: 2H
Desnibela: 250m
Zailtasuna: Erraza
Aizkorri-Aratzeko Parke Naturalaren ataurrean, hegoaldera begira dauden Urkilla Mendilerroko hegaletan, ehunka urteko haritz ugari biltzen dituen basoa hedatzen da. Galarretako eta Zalduondoko mendi publikoetan daudenak dira aipagarrienetako batzuk, tamaina handiko zenbait dozena zuhaitz, Quercus petraea (haritz kandugabea) espeziekoak. Beren artean lotuta dauden bi bidek ahalbidetzen digute Arabako erraldoi horietaraino iristea.
Galarreta eta Zalduondo artean dauden haritz handi gehienak haritz kandugabeen (Quercus petraea) ale lepamotzak dira, hainbat eta hainbat urtez inausketak egin izanaren ondorioz neurriz kanpo loditutako enborrekoak. Ikatza lortzeko mozkintzen zituzten zuhaitzak, eta azienda bazkatzen zen adaburuen azpian. Horrenbestez, zuhaitzez hornitutako larregunea zen, hau da, abere- eta baso-jarduera uztartzen zituen gunea.
Haritz kandugabeko ale guztien artean, bi nabarmentzen dira guztien gainetik. Mindutxako Haritza (Donemiliaga), 8 metrotik gorako perimetroarekin, eta ale hibridoa den Beorlatzako Haritza (Zalduondo) 7,5 metrotik gorakoarekin. Lehenengoari buruz, Euskadi osoko perimetro handieneko haritza izan daitekeela esaten dute. Bigarrenari buruz, zuhaitzaren enbor hutsaren barruan dozena bat lagunetik gora sartzen direla.
Zenbait ikerketa-talde lanean aritu dira harizti hauetan. Talde horietako batek, Santiago de Compostelako Unibertsitatetik etorritakoak, Beorlatzako haritzetako baten laginak hartu eta 600 urtetik gorako adina duela ondorioztatu du.
Gaur egun zuhaitzak ikatza lortzeko lantzen ez direnez, Arabako Foru Aldundia arduratzen da zuhaitz lepamotzen ale baliotsuenak zaintzeaz. Horretarako, zuhaitz zaharren kontserbazio-arloko espezialistek inausketa selektiboak eta bakantzeak egiten dituzte zuhaitzetan eta haien ingurunean, beste ale batzuen lehia murriztuz. Gainera, zuhaitz horiek hiltzen direnean, ez dira basotik kentzen eta biodibertsitatearen gordailu izaten jarraitzen dute, organismo ugarirentzat baliagarria baita habitat edo elikagai gisa haien zura: onddoak, iratzeak, intsektuak, hegaztiak, anfibioak, narrastiak, ugaztun txikiak…
Galarreta eta Zalduondo Arabako ekialdean kokatuta daude, Lautadako Kuadrillaren barruan, eta bertara heltzea oso erraza da A1 autobidetik. Aizkorri-Aratzeko Parke Naturaleko sarbide dira, bai eta bertako basoetan murgiltzeko hainbat ibilbideren abiapuntu ere.

Distantzia: 6,3 km
Denbora: 2H
Desnibela: 250m
Zailtasuna: Erraza