Ezkandraiko lautada
Ezpeletatik gertu dagoen ibilbide lasaia proposatzen dizuegu. Aldapa gogorren bat badago ere, ibilbide atsegina da honakoa. Eguraldi ona egiten duen egunetan, Larrun mendiaren eta itsasertzaren bistak paregabeak dira.
Distantzia: 5,9km.
Denbora: 2,15h.
Desnibela: 307m.
Zailtasuna: *
Ezpeletatik hegoalderantz autoz ateraz, Antton txokolategiaren biribilgunean, D249 errepidea har ezazu, Itsasura bidean. Hortik kilometro eta erdira, eskubira egin, Basaburu auzora. 400 metro aurrerago aparkatzeko lekua dago, eskolaren alboan.
Eskolatik, ekin bideari eta 70 metrora ezkerrera jotzen duen pistatik abiatu, zuhaitzen azpitik pasatuz. Porlanezko igarobide batetik pasa eta segituan ezkerrera joan, GRaren marka zuri-gorriei kasurik egin gabe. Errekaren ondotik joan 200 metro inguru.
Erreka zeharkatu eta ondoren bi hesien artetik pasa gazta ekoizten duen baserri handi batera iritsi arte. Baserriaren eskubitik pasatu, pista zabal batetik.
Bideak errepide txiki batetik jarraitzen du, eskubira, kilometro erdi inguruan jarraitu behar dena. Gero, eskubira egin bi hesien artetik igotzen den bidexkatik. Aldapa hau ez da makala. 450 metroren ostean Legarreko portura igotzen den errepidearekin egingo dugu topo; errepide horretara iritsi baino pare bat metro lehenago eskubira egiten duen bide bat dago, eta hortik joan behar da, pixka bat aurrerako pista zabal batera iritsi arte. Igoera nahiko gogorra da Ezkandraiko lautadara iritsi arte.
Pixka bat atseden hartu dezakegu bertan, jeitsierari heldu aurretik. Ezkandraiko kortatik 100 metro aurrera eginez, eskubira dagoen bidezidor zabala hartu. Paraje ederra ikusiko dugu bertatik, jeisten garen bitartean: Lapurdiko lautadak eta itsasoa. Kontuz ibili, hala ere, hasieran aldapa nahiko handia delako, eta harri txikiak daudenez erortzea erraza delako.
Errekara iritsi baino pixka bat lehenago, eskubian dagoen bidexka hartu, erreka inguratuz. Pare bat ate gurutzatu behar dira pista zabal batera iritsi aurretik. Nekazal espazio handira iritsi aurretik, 200 metro lehenago, gutxi gorabehera, ezkerrera jo eta 70 metro ibili.
Azken txanpan gaude. Eskubira dagoen metalezko atea zeharkatu eta pistatik jarraitu hasierako bidera iritsi arte, porlanezko pasabidearen ingurura. Eskolaraino igotzea besterik ez zaigu geratuko.
Distantzia: 5,9km.
Denbora: 2,15h.
Desnibela: 307m.
Zailtasuna: *