Arrazolako meatzeko trenbide zaharra

    Distantzia: 10 km.

    Denbora: 2 ordu eta erdi

    Desnibela: 41 metro

    Zailtasuna: Erraza

Ibilbide erraz honetan zehar iraganera begira jarriko gara Atxondoko harana zeharkatzen dugun bitartean. Anboto mendi ikusgarria lekuko dela, Arrazola meatze trenaren historia ezagutu ahal izango dugu garai batean hark egiten zuen bide bera jarraituz, Apatamonasteriotik Atxondoko Errotabarriko geltokiraino.

Autoa Apatamonasterion uztea da onena, eta bertatik Arrazolako bide berdera oinez gerturatzea. Udaletxea, eliza eta frontoia eskubian utzita, ezkerrean zabalgune bat dago zuhaitz lodi batekin. Bertan hasten da Ziarreta kalea, zuhaitz eta bankuz osatutako parke batera iristen dena. Bertan hasten da Arrazolako bide berdea, 5 kilometroakoa (10 joan eta etorri). Erreka zeharkatzen duen zubi bat dago, eta errekaren bestaldean, parez pare trenbide zaharraren ibilbidea zena hasten da, guk jarraituko duguna.

Malda txikikoa eta baserriz, paisaia ikusgarriz eta baselizez inguratua, Atxondoko haranaren bazterrik adierazgarrienak ezagutzeko aukera izango dugu. Marzana auzoan aurkituko ditugu San Martin eliza, XVI. mendeko errenazimenduko dorrea eta hainbat baserri. Auzo honetan iturria, komunak eta jolas parke bat daude.

Axpera iristean betelan batek eremu altuago batera eramango gaitu, harana goitik begiratzea ahalbidetuko diguna. Axpen daude Santiagoko auzoa eta izen bera duen baseliza. Bideari ekinez, aldapa pixka bat gogortzen da eta zuhaitzen albotik pasatzen garen bitartean, baserrien panoramika ikus dezakegu.

Betelan batetik igarota, Arrazolara iritsiko gara. San Migel kanpaidorrea eta XVI. mendeko Urrutia baserria (Bizkaiko zaharrenetariko bat) ikusi daitezke bertatik, baita Anboto mendia ere. Aurrera jarraituz, Ibarrako errota eta Ollargane baserria alde batera utziko ditugu, eta erreka zeharkatuz San Roke baselizara iritsiko gara.

Bidea estutuko da hemendik aurrera, eta errekaren urari jarraituz Atxondoko Errotabarri geltokiraino iritsiko gara (El Tope). Hor inguruan daude meatze herrixka baten arrastoak.

Ibilbidea hemen amaitzen da, baina txangoa luzatu nahi duenak kilometro erdi gehiago jarraitu ahal du meategi zaharrera arte.

    Distantzia: 10 km.

    Denbora: 2 ordu eta erdi

    Desnibela: 41 metro

    Zailtasuna: Erraza

Publizitatea