Herriak
Euskal Herria herri txikia da hedaduran (20.664 metro koadro), baina paisaia, txoko, tradizio, kirol, gastronomia eta abarretan aberatsa. Bere hiru milioi biztanle baino gehixeago 7 lurraldetan banatzen dira, eta lurraldeok asko dute amankomunean: historia, euskara, kultura, etorkizuna… Baina badute haien nortasun propioa ere. Kostaldea, barnealdea, portuak, basoak, haranak, mendiak, basamortua… oreka ia perfektua osatzen dute, eta ezagutzera gonbidatzen zaitugu.
Arabak 3.047 kilometro koadroko azalera du eta hainbat naturagune gordetzen ditu bere baitan. Dituen aniztasun handiko paisaiek, mahastiak hazten diren hegoko lur gorrietan eta bailara eta mendi berdeetan murgiltzera gonbidatzen dute. Arabar Errioxako ardoak ezagunak dira mundu osoan, bikainak, nortasun handikoak.
Bizkaia 2.209 kilometro koadroko herrialdea da, itsasoz eta mendiz inguraturik dagoena. Bizkaian tradizioa eta modernotasuna uztarturik agertzen zaizkigu. Horregatik, bisitariei hamaika proposamen desberdin eskaintzen dizkie: hondartzak, mendi eta bailara ederrak, parke naturalak, mundu osoan ezagunak diren museoak eta gastronomia.
Gipuzkoak 1.997 kilometro koadro ditu, natura ikusgarria du eta urdinez eta berdez zipriztindutako aparteko edertasunaren iturri da. Kostaldea da herrialde honen eremu ederrenetako bat: higaduraren ondorioz sortutako itsaslabarrak, hondartza garbiak eta tradizio handiko arrantza-portuak bisita daitezke. Mendia edo ibilbide arinak gogoko dituztenek aukera desberdinak aurkituko dituzte.
Nafarroa, bere 10.421 kilometro koadrorekin, Euskal Herriko herrialderik handiena da. Aniztasun handiko paisaia du eta horren adibide dira Iratiko oihana, Pirinioetako mendiak edo Bardeako basamortu itxurako lurrak. Bidaiariari eskaintzen dizkioten aukerak are ugariagoak dira, esaterako, mundu osoan ezagunak diren San Ferminak.
Lapurdik betitik izan du lotura berezia itsasoarekin. Itsasoari lotutako kondairez, piratez eta bale arrantzaleen istorioez sustraitu ditu bere nortasuna eta ekonomia. Gaur egun, berriz, turismoak eta bisitariek osatzen dute harreman hori. Naturaz eta klimaz gozatzeko edo Baiona, Biarritz eta Hendaia bezalako hiri zoragarrietan galtzeko aukera paregabea eskaintzen du.
Ipar Euskal Herriko lurralde zabalena da. Iparrean, mendixka berde eta leunek marrazten dute paisaia. Hegoaldean, aldiz, Pirinioetako ‘erraldoiak’ aurki ditzakegu. Eta bien artean, bi herri nagusi: harresiak mantentzen dituen Donibane Garazi hiriburua, alde batetik, eta iragana eta oraina lotzen dituen Donapaleu herri xarmagarria, bestetik.
Zuberoa da Euskal Herriko naturaren txokorik ezkutuenetako bat. Bere paisaia bereziak leku magiko asko gordetzen ditu, Iratiko basoa bezalako altxorrak, adibidez. Bertan, gure arbasoen kulturaren aztarnek bizirik diraute hainbat ekimenetan, Pastoraletan, esaterako, non erlijioa eta profanoa heroi eta santuekin lotzen diren.