Kolitza, bizkaia eta burgos arteko muga naturala

Kolitza Enkarterriko tontorrik adierazgarrienetako bat da. 879 metroko garaiera du eta Balmasedako eta inguruko haranetako 360 graduko panoramika ikusgarria eskaintzen digu. San Sebastian eta San Roke baseliza erromanikoak koroatzen du mendia. Bertatik, Batzar Nagusietara deitu zen mendeetan zehar su eta adar deien bidez (Bizkaiko bost deiadar-mendietako bat da Kolitza).

Gailurrera bide desberdinetatik heldu badaiteke ere, gomendagarriena bide tradizionaletik jotzea da. San Severino plazatik abiatuko gara; udaletxearen atzealdean, Pandozales auzora eramango gaituen bide bat hartuko dugu.

Ibilbidea 6,5 kilometroz igotzen da, koniferaz betetako paisaia ederretan barrena. Baserriak, txakolin mahastiak eta San Isidro Nekazariaren baseliza utziko ditugu atzean. Bidea ongi seinaleztatuta dago, txuri-beltzez; beraz, ez dago galtzeko modurik.

Itzulera bide beretik egin badaiteke ere, bideari jarraituz, gailurretik ezkerrera jeisten den bidetik joan gaitezke. Laster argazkiak ateratzeko puntu aproposa aurkituko dugu, jeitsierako bide honen hasieran ez baitaude zuhaitz altuak.

Zuhaitzek berriro inguratzen dute pista, eta hainbat bidek bat egiten duten lekuan seinale bat ageri da. Guk jarraitzen ari ginen bide beretik ekingo diogu beheruntz. Los Tueros igaroko dugu eta pixkanaka altuera galtzen joango gara, bidea estutzen den heinean. Sigisagak egiten dituen bidexka batean sartu ostean, berriro lurrezko pista zabalago batera helduko gara, aurrera eginez, eta gero eskubira, Pandozales ezkerrean utziko dugu, pixkanaka Balmasedara gerturatuz.

Kolitza mendia Balmaseda, Artzentales eta Burgosko Mena Harana arteko muga naturala da. Mendiaren hegaletan, inguruan ohikoak ez diren hainbat ekosistema garatu dira. Adibidez, amildegietan eta ibarbideetan zabaltzen diren pagadiak eta ameztiak. Espezie mehatxatuak bizi dira bertan (sai zuria, besteak beste).

Publizitatea