IBILBIDEAK

> NAFARROA

Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen dituen bide berdea

Elizondo eta Irun lotzen zituen meatze-tren zaharraren ibilbideari jarraituz, Nafarroa eta Gipuzkoa elkartzen dituen Bidasoako bide berdeak ikuskizun ederrez gozatzeko aukera eskaintzen dio oinezkoari zein txirrindulariari. Bidasoako trenbidearen lehen zatia 1898. urtean eraiki zen Endarlatsako meategietako minerala Irunera garraiatzeko.

Urte batzuk beranduago, 1916an, Elizondoraino luzatu eta bidaiariak garraiatzen hasi zen. Azken bidaia 1956an egin zuen, baina beste bi urte martxan egin izan balitu, agian gaur egun arte bizirik mantenduko litzateke. Izan ere, 1958an Laminación de Lesaka siderurgia-lantegi ezaguna eraiki zen, eta tren zaharraren ibilbidea berreskuratzeko azterketak ere egin zituzten, baina dagoeneko beranduegi zen. Gaur egun Bidasoako bide berdea Behobian hasi eta Bertizeraino iristen da, 42 kilometroko ibilbidea osatuz eta natura-ingurune eder bat zeharkatuz. Paseo luze eta atsegina ahalbidetzen du, bidea egiten duenak ia nabarituko ez duen desnibel txikia baitu.

Ibilbidea Irunen bertan edo Behobiako herrigunean has dezakegu. Pausuko zubiaren ondotik igaro ondoren, Garraioaren Hiria atzetik zeharkatu eta Bidasoa ibaiari jarraituko diogu, hemendik 7 kilometrotara Endarlatsara iristeko, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugara, hain zuzen. Bortzirietan gaude eta lehenik aurkituko dugun herria Bera izango da. Jarraian, Endarlatsatik 9 kilometrotara, Lesakako bidegurutzera iritsiko gara eta bertan dagoen Bereau benta eta kamioien aparkaleku ikusiko ditugu.

Beste lau kilometro egiten baditugu, Igantziko Berrizaun auzora iritsiko gara. Bertan zegoen Bidasoako trenbidearen Arantza eta Igantziko geltoki zaharra, nahiz eta gaur egun ez den arrastorik geratzen. Eta 19 kilometro gehiago eginez gero, Sunbilla eta Doneztebera iritsiko gara, Malerreka eskualdean. Hemen, berriro ere Bidasoa ibaia jarraituz, Baztan aldera hartuko dugu eta, Legasa ondotik igarota, 6 kilometrotara Oieregiraino iritsiko gara, Bertizko Parke Naturalean bertan amaituz.

Burdinaren museoa Lesakan

Bide berdearen inguruan aurkituko ditugun leku interesgarrien artean, aipatzekoak dira Aiako Harria parke naturala eta Irungo Oiasso Erromatar Museoa, baina zeharkatzen dituen herri guztiek –Bera, Lesaka, Sunbilla, Doneztebe eta Legasa– badute ikusteko eta dastatzeko eskaintza zabala. Lesakan, adibidez, Burdinaren Museoa ikus dezakegu Turismo Bulegoaren eraikinean bertan (Harriondoa kultur etxea). Izan ere, lesakarrek historian zehar jakin izan dute baliabide naturalak aprobetxatzen: burdinolak, errementari-tailerrak eta siderurgia-lantegiak bata bestearen atzetik joan dira, herriaren garapenean lagunduz.

Museoa irailaren 20ra arte egongo da zabalik asteartetik ostiralera goizez eta arratsaldez, eta larunbat, igande eta jai egunetan, goizez. Horrekin batera, herrigunean zehar barreiatuta dauden jauregi, dorretxe, iturri, garbitoki eta zubiek, besteak beste, aire zabaleko museoa osatzen dute. Dorretxeen artean, aipatzekoak dira Minddurrinea dorrea, XIV. mendekoa, Lesakako eraikinik zaharrena; edota Zabaleta dorrea, XV. mendean eraikia. Herrigunetik aterakz gero, eta Oiartzunera doan errepideari jarraituz, Burdin Aroko trikuharri eta tumulu ugari dituen Agiñara hel gaitezke, ezagutzea merezi duen leku lasai, sinboliko eta berezia.

PUBLIZITATEA
Cookies icon

Cookien erabilpena. naiz.eus-k bere cookiak eta hirugarren batzuenak erabiltzen ditu nabigazio esperientzia hobetzeko, azterketa analitikoak egiteko eta intereseko edukiak eta publizitatea eskaintzeko. Nabigatzen segituz gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu.

Uso de cookies. naiz.eus utiliza cookies propias y de terceros para mejorar la experiencia de navegación, realizar analíticas y ofrecer contenidos y publicidad de interés. Al continuar con la navegación entendemos que aceptas nuestra política de cookies.